2015/01/17

Betiko denden egunak pasatu omen dira.



Kaixo, lagunok!  Aspaldiko izan zen nire azken sarrera hemen euskaltegiaren blog-ean. Baina, beno, ez kezkatu, beti nago prest zuenak irakurtzeko eta, noizean behin, iradokizunak idazteko. Gaur, zerbaitek bultzatu nau ordenagailuaren aurrean jartzera eta honi buruz hitz egitera: nire kalean beste denda txiki bat ixteko zorian dago. Joxepirena, hain zuzen ere. Joxepiren dendan denetarik dago, betidanik produktuz beteta egon da. Orratz bat aurki dezakezu, edo xaboi berezi bat aholku diezazuke dendariak. Baserriko lekaleak ekar diezazkizuke  edo opila bereziak San Blas egunerako eskaintzen dizkizu. Baina, dirudienez, denetarik eduki arren, bezerorik ez du aurkitzen.

Non daude bezero horiek? Erosleak merkatal guneetara joan dira. Nahiago dituzte super, mega, hiper denda horiek betiko dendak baino. Egia esan, nik ere bai. Nahiz eta denda tradizionalak desagertzeari penagarria deritzodan, nire ustez, merkatal guneetan denbora eta dirua aurrezten da.

Lehengo eta behin, denborari dagokionez, lan egiten baduzu beharrezkoa da erosketak ahalik eta azkarren egitea. Astean behin, adibidez, supermerkatura jo, gurdia bete,  eta ordu betean autoz etxera itzultzea. Horrela egiten baduzu denbora aurreztuko duzu eta beste zeregin batzuei ekin diezaiokezu.  Erosketak denda txikitan egitekotan, denbora gehiago beharko duzu dendaz denda joateko. Gainera, ahalegin handiagoak egin beharko dituzu produktuak eramateko; izan ere, erdi aldean ezinezkoa da autoa aparkatzea eta poltsak edo gurpildun gurdia erabili beharko duzu.

Beste aldetik, dirua kontuan hartuta, denda txikiek ezin dute lehiatzen. Konpainia handiek prezio paregabeak lortu ditzakete; izan ere, erosketak oso handiak egiten dituzte eta bezeroei pagotxak eskaini ahal dizkiete. Denda txikiek, ordea, espezializazioa aukeratu dute, hau da: produktu bereziak eta oso kalitate onekoak saltzen saiatzen dira. Baina, produktu horiek, oso garestiak direnez, eguneroko poltsan sartzea zaila da gehienentzat.


Penagarria iruditzen zaidan arren, egungo gertaera horrela da. Merkatal guneek irabazten dute lehiaketa. Produktu zerrenda bukaezina baitute eta haien ondoan zerbitzu gehiago aurki ditzakezulako. Betiko denden egunak pasatu omen dira, non eta dirua eta denbora aurrezteko era berria proposatzen ez didaten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario